Turismo Valdegovia montescorzo edificio

gaubeari buruz

serbitzuak ir

historia eta artea

bizi zazu gaubea

zer ikusi

valderejo

Bisita Birtualair

Foroakir

Pantaila-babesleair

Kontaktatuir


Trekin-a

Ibilbideak GR-1

Araba Ekialdetik Mendebaldera zeharkatzen duen ibilbidea da GR-1a, interes handiko zonalde natural batean historikoki garrantzitsuak izan diren herri eta etxeguneak elkartzen dituena. Orain azalduko dugun ibilbideak Arabako 13., 14. eta 15. etapak jasotzen ditu, eta horrelaxe ikusiko dugu bidean aurrera egiten dugunean topatuko ditugun seinaleetan. Horregatik banatu dugu ibilbidea hiru etapa horietan.

1. ETAPA (13.a)

Gesaltza Añana- Espejo Egingo ditugun hiru etapen artean honako hau da motzena. 7 kilometro pasatxo ditu eta Monumento Nazionalen zerrendan dagoen Gesaltzako Gatz Harana ikusteko baliatu dezakegu. Santa Maria de Villacones elizatik abiatuko dugu ibilbidea; herriruntz egingo dugu errepidean gora, eta Ozpinatarren Jauregian ezkerrera hartuko dugu. Maldan gora, plaza eta Herrandarren Jauregia igaro ondoren ezkerreruntz egingo dugu, berriz, Pikotan •1•. Ikusiko dugun lehendabiziko bidegurutzean ezkerrera egingo dugu, eta bigarrenean eskubiruntz, soro landuetan barrena gora eginaz. Hurrengo bidegurutzean ezkerreko bidea hartuko dugu, berriro (IM), goraino iritsi arte; ezkerrean dagoen pista utzi, eta errekaraino jeitsiko gara; ur xirripa igaro, eta goruntz egingo dugu, lehendabizi eskuinean eta gero ezkerrean ikusiko ditugun pistak hartu gabe. Beste gain batera iritsiko gara, eta handik jeitsi eta igo egin beharko dugu. Gaubeako harana ikusiko dugu orain, eta begi bistan izango ditugu, eskuinaldean, Batxikabo, Mota eta Kueto, eta Karria Haitzaren (Gobea Haitza) tontorrak. Gain honetan utziko dugu Atiega aldera doan asfaltozko errepidea, hegoalderuntz jeitsiko gaituen pista hartzeko •2•.

Gure norabidea moztuko duen lehendabiziko pista hartuko dugu, eskuineruntz. Tuesta ikusiko dugu. Ezkerretara dagoen bidea utzi, eta errekatxo bat igaroko dugu. Bide bat baino gehiago ikusiko ditugu, baina Gaube-ako katedraleko absideak erakutsiko digu nondik jarraitu behar dugun, erromanikotik gotikorako trantsizioko maisulan honetaraino iristeko. Iturriraino iritsiko den kalea hartu (I), eta ezkerrerako bidea hartuko dugu lehendabizi. Jarraian eskuineruntz egiten duen bidea jarraituko dugu, lursail luze batetik barrena, Espejora iristeko. Roblecillon •3• behera egingo du bideak, baina ez ditugu jarraituko ez eskuinean geldituko zaigun lehendabiziko pista, ezta asfaltatutako bigarrena ere -hurrengo etapan Villamadernera eramango gaituena-. Espejoko pilotalekuko iturrian frexkatu, eta atseden hartuko dugu.

2. ETAPA (14.a)

Espejo- Villanueva
Pilotalekuaren atzealdetik aterako gara Espejotik Villamaderneruntz, labore artean dagoen bidetik. Eskuinean dagoen pista utzi, eta intxaurrondoz osatutako parajean erreka pasa beharko dugu. Errepidera iritsiko gara. Eskuineruntz egin eta Villamadernera ailegatuko gara, Arabako erromanikoaren kanpandorrerik ederrena duen herrira. Plazatik ezkerrera egin, eta herritik aterako gara eliza eta dorretxe baten artetik. Lehendabiziko bidegurutzean eskuineruntz egingo dugu •4•, belarrez estalitako bidetik. Hondatuta dagoen etxe batetik igaro eta labore soroetan gora egingo dugu.

Eskuineruntz egingo du berehala pistak, ur-biltegi batera iritsi arte. Honen atzean dagoen eskuinerako bidea utzi, eta aurrera jarraituko dugu, artadi baten aldamenetik. Hesia igaro, eta alanbre hesiaren ondotik jarraituko dugu, eskuinaldean dagoen pista hartu gabe. Pixka bat aurrerago ezkerreruntz egiten duen bidea hartu (IM), eta zuhaixka artean dagoen alanbrada jarraituko dugu. Eskuinera doan pista hartu gabe, ezkerretik datorren pista bat ikusiko dugu, juxtu bideak eskuineruntz egiten duen lekuan. Hortik jarraitu eta hezegune txiki bat (makal artean aska bat dago) duen ibarretik aurrera egingo dugu, pixkanaka goranzko bidean •5•. Bortalen alde batera utziko dugu eskuinerako pista, eta aurrerago suebaki bat pasako dugu.

Suebaki horretatik 150 metrora burdin harizko hesia igaro eta ezkerrera irekiko zaigun bidea hartuko dugu. Erreka bazterretik jarraituko dugu; basoa bukatu eta, baratzetatik barrena, Venta Burguillos •6• eta Bilbao-Burgos errepidera iritsiko gara. Eskuinera egingo dugu orduan eta, kilometroen mugarria ikusi eta metro gutxira, hesiaren gainetik salto egin eta ezkerreruntz egingo dugu, bi sororen artetik. Berriro ere ezkerrera egin beharko dugu, arte eta ametz artean dagoen belar-bidetik. Norabidea aldatuz, eta labore artean dagoen ametza ezkerretan utziz, gora egingo dugu, ezkerrean dagoen pista alde batera utziz. Bide gurutze batera iritsiko gara, eta aurrera jarraituko dugu, maldan behera (IM). Eskuineruntz eramango gintuzkeen pista hartu gabe, artadia nola txikitzen den nabarituko dugu, han aurrean Villanañe herria ikusi arte. Varonatarren Dorrea eta Jasokundearen elizak osatzen duten monumento multzoa nabarmentzen da. Beheruntz segi (M) eskuinean eta ezkerrean ikusiko ditugun pistak alde batera utziz; berehala iritsiko gara bide berri batera. Eskuinera eginaz, Erdi Aroko zubira iritsiko gara •7•.

Zubia pasa, eta ezkerreko bideak Villanañera eramango gaitu. Baina eskuineruntz doana hartuko dugu guk, Tumecillo errekatik barrena, Angostoko Santutegira iristeko. Elizaren paretik pasa, errepidea zeharkatu, eta lorategiko bidetik gora egingo dugu, artadian barrena, Santibañezeko gainera iritsi arte. Bidegurutze bat ikusiko dugu han. Eskuinetik gora egiten duen pista hartuko dugu (IIM). Ez hartu ezkerretara dagoen pista. Mendikatetik aurrera egingo dugu zelai batera iritsi eta Villanueva ikusi arte •8•. Alanbre hesia igaro eta zenbait bideren bidegurutzera iritsiko gara. Aurrera egin eta eskuinaldean haitzarte estuaren ikuspegi ederra izango dugu. Ezkerretik jarraitu (M) eta beheruntz jarraituko dugu, hurrengo bidegurutzean eskuinera egiteko. Beste hesi bat topatuko dugu berehala. Gero eta pinu gehiago eta arte gutxiago ikusiko ditugu. Hurrengo bidegurutzeraino egin, eta orain arteko bidea utziz eskuineruntz egiten duen bide belartsua hartuko dugu, beheruntz egin ondoren bidezidor batean bilakatuko dena. Errekatxo bat igaro, eta alanbre hesiaren ondotik jarraitu behar dugu Peña Rubia eta Rasora doan basabidera iritsi arte. Ezkerreruntz egingo dugu leku horretan, errepidera iristeko. Hemen eskuineruntz jo, eta Villanuevan sartuko gara, Gaubea haraneko herri nagusian.

3. ETAPA (15.a)

Villanueva- Boveda
Iturriaren eta Udaletxearen arteko kaleak gora egiten du, Angulotarren jauregian eskuinera egin eta, harritxintxarrezko bidetik, herria atzean uzteko. Ezkerrean ikusiko dugun lehendabiziko bidea hartu, San Martin erreka igaro, eta Recillako gainera joko dugu, eskukinaldean ikusiko dugun bide zaharra hartzeko; berehala eskuinera egingo dugu berriro (I), eta San Martin de Valparaisoko haitzak ikusiko ditugu parez pare. Goruntz jarraituko dugu orduan pista batetik. Dagoen hesia gurutzatu eta aurrera segiko dugu; Artzenako mendizerraren ikuspegi ederra izango duzue hortik •9•.

Suebakia ezkerretara utzi, eta beste alanbre hesi bat igaro arte jarraituko dugu; Burgosen gaude orain. Basoan sartuko gara Mata Calienteko gainera iristeko. Valpuestako harana ikusiko dugu handik. Bidezidorra hartu eta beherako bidea egingo dugu. Eskuinera egiten duen bidezidorra hartu gabe errepideraino iritsiko gara, etxe isolatu batzuk igaro ondoren. Valpuestan sartuko gara, gaztelera idatziaren iturburuan •10•. Iturri aldamenetik (M) ateratzen den bidea hartuko dugu, Mioma erreka igaro eta etxe artean goruntz egiteko.

Lehendabiziko bidegurutzean aurrera jarraituko dugu, hormatxo artean. Azken hormara iristen garenean ezkerreruntz egingo dugu, soro artean, basoxkara sartu arte. Carapinedotik jarraitu eta Las Castas eta Rodil arteko muinoa inguratuko dugu. Beste hesi bat gurutzatu, eta Araban sartuko gara, berriz ere. Norabide bera jarraituz basabide batera iritsiko gara. Han eskuinera egin (I), landaketa eta pinudi artetik, eta hurrengo bidegurutzean aurrera jarraituko dugu. Bira baten ondoren beherako bidea hartuko dugu horma baten aldamenetik, beste pista batera iritsi arte. Barredo baserriraino jeitsiko gara, inguruko bideei jaramonik egin gabe. Errepidera iritsi eta Pinedora iritsiko gara •11•. Plaza txikian bidearen bihurgunea hartu eta aurrera segiko dugu (M). Azken etxean beheruntz egingo du, nabarmen, bideak (HM). Errepidera iritsi eta eskuineruntz joko dugu, Basabe aldera. Pinedo errekatxoa igaro ondoren ezkerretara dagoen pista hartu behar dugu (H). Artzena parez pare ikusiko dugu, labore artean goazela. Bideak eskuineruntz jarraituko du orduan, eta beste bide batekin bat egiterakoan Karriako Haitzera egingo du bideak.

Hurrengo bidegurutzean eskuinera egingo dugu, belarrak estalitako bidetik •12•. Laster utziko dugu, haitzaren babesean doan bidea hartzeko. Hurrengo bidegurutzean Mairuen kobazuloetara igotzeko eskuin aldean dugun bidea utzi, eta ezkerretik jarraituko dugu. Bi finken artetik aurrera egin eta, ezkerretara dagoen bidea baztertu ondoren, eskuinaldetik gora egiten duen bidea hartuko dugu. Zabortegi zahar batetik igaro eta harrikoxkorrez estalitako bidea hartuko dugu. Ezkerraldetik Corroko beheko auzora iritsiko gara. Errepidea gurutzatu eta aurrera segiko dugu, Omezillo bazterreko makalak dauden lekuraino. Han zubia pasa, eta bidegurutzean aurrera jarraituko dugu Karria Haitzetara. Ezkerretara utziko dugun pistak San Vitoresera eramango gintuzke. Guk lehengo norabideari eutsiko diogu. Basoko pista berri batera iristerakoan •13•, eskuinerutz egingo dugu (IM), Karria Haitzeko maldatik behera. Etxe isolatu batetik pasa eta aurrera jarraituko dugu. Pisten bidegurutzean eskuinera hartu (E) eta beherako bidearekin segituko dugu; gero ezkerretara egin (IM), eta landaketa artean gora egingo duen bidea hartu behar dugu. Eskuineruntz egiten duen pista topatuko dugu orduan, eta hurrengo bidegurutzean ezkerretara egingo dugu.

Sartu gara Tobillasen. Balkoidiz osatutako etxeek eta San Roman eliza zaharrak harrituko gaituzte, bereziki. Elizaren aldemenetik aterako gara, belarrez estalitako bidetik, nekazal pista bat aurkitu arte (IM). Lehendabiziko bidegurutzean ezkerrerako bidea hartuko dugu, eskuinaldean dauden Santiagoko haitzuloak alde batera utziaz. Ezkerretan pista bat utzi eta bideak eskuineruntz egingo du (IIM), goruntza. Beste hesi bat igaro, eta pinudi artean egingo dugu aurrera beste alanbre hesi bat igaro arte. San Andresko gaina inguratuko dugu, gurutzatzen diren bi bide alde batera utziaz. Tejerako Iturrian bidegurutze bat dago. Eskuinekotik aurrera (I), errekatxoa igaro eta zelai batetik jarraituko dugu, berriro ere pinudian sartu aurretik •14•. Ezkerreko bidea hartuta Valderejora iritsiko ginateke, Portillo de la Sierra eta Arrayuelasetik. Baina guk eskuineko bidea hartu eta, ezkerretan dagoen bidea utzi ondoren, beherako norantzari ekingo diogu. Errekatxoa pasa, ezkerretara dagoen pista utzi eta metalezko atea igaroko dugu, ezkerraldean dagoen pistari jaramonik egin gabe. Cotillo erreka igaro, eta gorunzko bidea hartuko dugu orain, Bovedako norabidean. Alde batera eta bestera ikusiko ditugun bideak hartu gabe iritsiko gara herrira, eta aldapa handi bat jeitsi ondoren iritsiko gara Bovedako pilotalekura.



Konta iezaiguzu zure ibilbidea eta espazio hontan argitaratua ageriko da.

itzuli