Turismo Valdegovia montescorzo edificio

gaubeari buruz

serbitzuak ir

historia eta artea

bizi zazu gaubea

zer ikusi

valderejo

Bisita Birtualair

Foroakir

Pantaila-babesleair

Kontaktatuir


Berriak

2015/1/9
Vanotarren Dorretxearen erreportaia

Baronatarren dorretxe-jauregiak artelan bikainak gordetzen ditu paretetan iltzatuak eta gela guztietan banatuak. Kanpotik eraikin txundigarria bada ere -Araban hobekien kontserbatutako dorretxea da-, barruan sartzea merezi du familiak mendez mende gordetako harribitxia ikusteko. ALTXORRA BARRUAN DAGO. Baronatarren dorretxearen itxura zirraragarriak balio handiko altxorrak ezkutatzen ditu. Baronatarrek mendez mende gorde dituzten artelan bikainen artean, zalantzarik gabe, jauregiko hormak apaintzen dituzten XIX. mendeko paper pinturak dira ikusgarrienak. Izan ere, bostehun metro paper daude jauregian itsatsita. Alsazian, Parisen eta Gasteizen eginiko lehendabiziko paper pintatu panoramikoak daude bertan; eskuz pintatutako ehiza eszenak, Espainiako paisaiak eta ume taldeak irudikatzen dituzte, xehetasun handiz. Halaber, altzari multzo garrantzitsuak gorde dute baronatarrek dorretxean. Bisitak merezi du. Arabako eta Euskal Herriko dorretxeen erakusgarri bikaina eta Villanañeko baronatarren dorretxea, eta hobekien kontserbatutakoa. Kanpotik txundigarria da. XII. mendetik XIV. mendera bitartean eraiki zuten, erretako zurezko dorre baten gainean. Lau solairu ditu, eta 20 metroko garaiera. Solairu noblea eta lubanarroa duen Arabako dorretxe bakarra da. Bere garaian, baronatarrena izan zen Gaubea eskualdeko gunerik aberatsena eta garrantzitsuena. Gatzaren eta artilearen ibilbide historikoek zeharkatzen zuten inguru iristen ziren Guadalajaratik (Espainia) Kantauriko portuetara, artilea Flandiar ontziratzeko. Bueltan, bakailoa eta gatza eramaten zuten hegoaldera. Antzinako Donejakue bidea ere dorretxearen ondotik igarotzen zen. Garai oparoen seinale da XIII. mendean Villanañe herrian eraiki zuten merkatarien auzoa. Bertan bildu ziren inguruko eskulangile eta merkatari ugari, eta mende luzez merkatu ospetsua egin zuten. Barona etxearen aginduz, Villanañeko auzo horretako bizilagunek enkargu garrantzitsu bat bete behar zuten: jauna siestan zegoen bitartean lubanarroko igelak isilik egon zitezen, putzuko urak astintzen zituzten makila luze batzuekin. Elezaharraren arabera, horregatik esaten zaie CALLARRANAS Villanañeko biztanleei. ERABERRIKUNTZA: Arabako Foru Aldundian baronatarren multzoa -dorrea eta jauregia- zaharberritzen hasi zen 1982. urtean, eta 25 urteko zaharberritze lanei esker, gaur egun dorrea eta jauregia visita daitezke. Tarteka, bertan bizi den baronatar leinuko azken oinordeko Rodrigo Baronak bisitariak laguntzen ditu dorretxearen altxorrak eta familiaren historia ezagutzen. XV. mendetik gaurdaino dorretxean bizi izan dira etengabean baronatarrak. Horrela, eraikina garatuz joan da, eta, denborak Aurrera egin ahala, aldaketak egin dituzte bertakoen beharretara agokitzeko. Baronatarren dorretxeak lau solairu ditu. Behealdeak ez du sarrerarik; hor gordetzen zituzten elikagaiak, eta bertara arrapala baten bitartez sartzen da. Bigarren solairuan, ohiko jarduerak egiten zituzten, hala nola bilerak, bazkariak, zergak kobratzen zituzten eta justizia egiten zuten. Bertan dago sarrera nagusia. Atartearen zoruan arrosetoi itxurako marrazki bitxi bat dago, errekarriekin eginikoa. Rodrigo Barona dorretxearen jaunak azaldu duenez, unibertsoa irudikatzen du. Izarra, zerua, itsasoa eta lurra irudikatzen dituzten elementuak ageri dira zirkulu baten barruan. Hamabia zenbaki magikoa gisa ageri da arrosetoian. Tradizioaren arabera, hamabi artisauk zirkuluaren barruan lan egin zezaketen batak besteari enbarazu egin gabe. Tamainagatik, bederen, hala dirudi. Hirugarren solairuan ojiba leihoak daude, benetan ikusgarriak. Solairu noblea zuen izena; etxeko jaun-andreak bizi ziren, eta dokumentu inportanteak hor sinatzen zituzten. Solairu noblea duen Arabako dorre bakarra da. Laugarren solairuan, armak gordetzen zituzten, eta ingurua zelatatzen zuten armada gizonak zeuden. Bista ederra dago goiko solairuan. ARTEA HORMETAN: XVIII. mendetik XIX. mendera bitartean, orduko dekorazio ohiturari jarraituz, baronatarrek paper pintatuarekin ordezkatu zituzten jauregiko hormak estaltzen zituzten tapizak. Gaur egun ere itxura bikaina dute paperek, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean egindako berriztatze lanari esker. Hala, gela bakoitzaren hormetan paper desberdina topatuko dugu: Espainako Paisaiak izeneko paper margotua, Parisen 1812. urtean egindakoa da; 1815. urtean Jacquemart et Bernard Parisko lantegian egindako ehiza eszena dago, eta Alsazian 1824. urtean egindako bat, zeinean ume talde batzuk irudikatzen baitira. Eta, azkenean, Iberiar penintsulan egin zen lehen paper pintatua hain zuzen, Gasteizko Santa Isabel fabrikan 1846. urtean egindakoa. Baronatarrak itzal handiko nobleak ziren, eta paper pinturaz gainera, ehunka altzari eta apaingarri ekarri zituzten Ingalaterratik, Frantziatik eta Espainatik Gaubeako jauregira. Hala, egun 4.000 metro koadro hartzen dituen erakusketa aretoan bilduta dago familiaren harribitxia. Gela guztietan ageri dira luxu handiko altzariak eta etxeko osagarriak: Clementiren piano bertikal bat, zoruko Ingalaterrako erloju bat, Kubako kaobazko ohe bat, Sevillako Kartujako baxerak, garai bateko ehiza armak, lehendabiziko Philips irratia, zurezko tailuak, harrizko diskoak, gramofonoak eta erlijiozko objetu asko: aita santuaren makulu bat, 1591. urteko Lepantoko gurutze bat, eta Napolin inkisidorea izan zen baronatar baten gurutzea. Altzariez gainera, Arabako lehen burdinola eta Hego Euskal Herriko lehen zentral hidroelektrikoa Villanañen egon ziren, eta, horrenbestez, Philips etxeak baronatarrentzat espresuki egindako bonbilak ikus daitezke. BARONATARREN AZKEN JAUNA BERE DORRETXEAN: Elezahar batek azaltzen du Barona abizenaren jatorria. Gaztela eta Aragoiren arteko gerran, Villanañeko Maria Ruiz Perez anderea Arogoiko errege Alfontso I.aren kontra borrokatu eta mendean hartzeko gauza izan zen, Sorian (Espainia). Erregeak emakumea zela deskubritu zuenean, hau esan zuen: "Gizon indartsu batek bezala jokatu duzu. Hemendik aurrera, Barona izango zara, baita zure ondorengoak ere. Garaipen hau oroitzeko, etxeko ezkutuan Aragoiko armak erabiliko dituzu". Harrezkeroztik abizenari eutsi dio familiak, eta baronatarrak Villanañeko dorretxean bizi izan dira azken mendeetan. Rodrigo Barona da egun dorretxean bizi dena eta baronatarren leinuko azken oinordekoa. "Berrogei belaunaldi bizi izan dira hemen, hamahiru belaunaldi Ruiz Perez abizenekoak, eta hogeita zazpi Rodrigo Barona izen-abizenekoak", kontatu du Baronak. "Izan ere, familian dugun bitxikeria da gizonezko guztiok Rodrigo izena dugula". Garaiaren arabera, familia handiagoa edo txikiagoa biltzen zen dorretxean, baina egun biztanle bakarra du. Arabako Foru Aldundiarekin 80ko hamarkadan sinatutako hitzarmenaren arabera, baronatarrek dorretxean bizitzeko eskubidea gorde dute. Barona leinu garrantzitsua izan da Arabako historian. 1130. urtean, Alfontso VI.ak Gaubeako jauntxo titulua eman zion baronatarren dorretxeko jaunari, eta ordutik errege-erreginen aurrean lortzen zuten tokiaren arabera boterea eta lurra irabazten zituzten. Gainera, Barona leinuak harremanak egin zituen beste familia noble batzuekin. eta ondorioz, Rodrigo Baronak azaldu duenez, "inguruko familia noble guztiekin lotuta gaude; Salazar, Sarabia, Rueda, Manrique, Bujanda, Berastegi, eta abar". Baronatarrak aurki daitezke inkisidoreen, armagizonen eta errege-erreginen idazkarien artean. Baita Arabako Foru Aldundian ere. BOST DIPUTATU: Izan ere, Barona familiakoak izan dira Araban bost diputatu nagusi, eta, gainera, herrialdean jazo diren aurrerakuntza ugarien erantzule dira. "Rodrigo Ignacio Barona, esate baterako, kalkulu-erregela asmatu zuen, eta Araban erabiltzen ziren neurri guztiak sistema metriko hamartarrera aldatu zituen", azaldu du azken jaunak. "Halaber, Gasteizko Santiago ospitalearen lehendabiziko estatutuak idatzi zituen, eta Araban XIX. mendean zabaldu zituzten bainuetxeen sustatzailea izan zen. Haren aita, Rodrigo Pedro Barona, Gasteiztik kanpo hautatu zuten lehenbiziko diputatu nagusia da. Errepide sarearen hobekuntza bultzatu zuen, eta probintzia jauregiko bigarren solairua diputatu nagusiaren egoitza ofizial gisa erabiltzeko inauguratu zuen. Prudencio Maria Berastegi koinatuarekin, patataren ereintza zabaldu duen Espainian".

itzuli